DOHAINIK: ADIBIDEAK DOHAINIK. IRAKURRI ZERBITZUA NOLAKOA DEN IKUSTEKO


      ASTEROKO AZTERKETAK

      1997.12.9: 1997ko abenduaren 1-7 bitarteko asteko analisia.

      • ETA ABRAHAMEK ISAAC HIL ZUEN. FRANCOK IZENDATU ZUEN ERREGEAREN ESPAINIAK ERE EUSKALDUNAK ZIGORTZEN DITU (HBko Mahai Nazionala).

      • ASTEKO TXIMISTAK (EKAITZA HOBE ESANDA)

      ETA ABRAHAMEK ISAAC HIL ZUEN. FRANCOK IZENDATU ZUEN ERREGEAREN ESPAINIAK ERE EUSKALDUNAK ZIGORTZEN DITU (HBko Mahai Nazionala). Bakeaz mintzatzea, bakea eskaintzea delitu da espainiar sasidemokrazia neofrankistan. Espainiak errepresio BERRIAK probatzen ditu Euskal Herriaren aurka.

      Jainkoa ez da existitzen. Eta horrexegatik ezin izan zituen Adam eta Eba paradisutik bidali, ez Noeren Kutxari buruzkoa iradoki, ez eta Abrahami besoa eutsi ere. Ziurrenik Bibliak gezurretan dioenaz bestela, bere seme Isaak hil egin beharko zukeen.

      Jainkoa existitzen ez den antzera, ez da Zuzenbidezko estatua existitzen sasidemokrazioa espainiarrean ere, Franco diktadore asaldari eta genozidak izendatutako Erregearen Espainian alegia. Eta horregatixe zazpi urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Gorenak euskal alderdi politiko legal bateko zuzendaritzari. Alderdi hau (Herri Batasuna) garaile izan zen behin hauteskundeetan Euskal Autonomi Erkidegoan, bigarren izan da askotan eta azken hauteskundeetan (1996an) ehun eta laurogei milatik gora bozka jaso zituen. Horrez gain (inkesta fidagarrien arabera) begiko dute bozkatzeko lana hartu ere egiten ez duten beste berreun edo berreun eta berrogeita hamarren bat mila euskal hiritarrek.

      HBko buruzagiak espetxera eraman dituen DELITUA bakeaz mintzatzeko delitua, bakea eskaintzea izan da. Izan ere, sasidemokrazia neofrankistan proposamen politikoak egitea, hauteskunde-kanpainian politikaz mintzatzea, bakeaz mintzatzea, bakea eskaintzea, ETAren Alternatiba Demokratikoa zabaltzen saiatzea… DELITUA da. Auzitegi Gorenak esana.

      Francoren diktadurako epaiketa militar sumarisimoak gogora dakartzan epaia.

      "HB espetxera" zioen 1997ko abenduaren 2ko El Periódico de Cataluña egunkariak lehen orrialde osoa hartuta, eta "zehaztu" egiten zuen jarraian "Auzitegiak ETArekiko kolaborazio iritzi dio taldearen bideoa emititzeari" esanaz. "HBko Mahaia. Espetxera denak" zioen lehen orrialde osoa hartuta halaber Diario 16 egunkariak. Eta honek ere "zehaztu" egiten zuen: "Auzitego Gorenak 7 urteko espetxe-zigorra ezarri die Herri Batasuneko 23 buruzagiei hautes-bideoak zabaltzean ETArekin kolaboratzeagatik".

      Kako artean ipini dut "zehaztu" hitza ez baitzuten bi egunkari horiek ezertxo ere zehazten. Epaiaren nahasmen eta baldarkeriaren eredu egokia dugu, hain zuzen ere, bi egunkariok lehen orrialdean bi gezur argitaratu izana. Epaian ez baita kolaboraziotzat hartzen, El Periódicok oker dioenaz beste, bideoa "emititu" izana (ez baitzen emititu), bideoa emititzen saiatzea baizik. Eta ez da kolaboraziotzat hartzen ere, Diario 16ek oker dioenaz beste, bi bideo "zabaltzea", baizik eta HBri espainiar hautes-legeriaren arabera zegozkion doako hautes-emanaldietan Espainiko telebistan zabaltzen saiatzea.

      Tentu handiagoz ibili zen Bilboko EL CORREO ESPAÑOL eta "7 urteko espetxe-zigorra HBko 23 mahaikideak. Alternatiba demokratikoaren bideoa emititzen SAIATZEAN ETArekin kolaboratu dutela iritzi dio Auzitegi Gorenak". (SAIATU hitzaren letra larriak nik ipini ditut).

      Epaiaren 139 orrialdeen ondorioz nabarmen geratu da Zuzenbidezko estatuaren haustura. Hala da bai, eta HBko abokatu-taldeak primeran adierazi duenez_, funtsezko eskubideak urratzen ditu epaiak, "bai konstituzionalak bai penalak". Legez kanpoko propaganda delitua berrezarri eta delitu politikoa ezartzen du epai honek, errugabetasun-printzipioa urratu eta terrorismo delitua hedatu egiten du Franco garaiko epaiketa militar sumarisimoekin bat eginez.

      Miguel Castells abokatuak, defendatzaile lanetan jardun zuen epaiketa militar sumarisimo frankista horiexetan hirurogei eta hirurogeita hamargarren hamarkadetan eta epaiketa horiei buruz hainbat liburu idatzi ditu_, hizpide dugun epaiketaren eta "hirurogeigarren hamarkadan joan ohi ginenen" arteko parekotasun nabarmenak gogorarazi zituen HBko abokatuek prentsa aurrean egindako agerraldian. "Zuzenbidezko kontzeptu aurrekonstituzionalak ditu epai honek" adierazi zuen halaber. Esaterako, "irudi penal malguak, erru-presuntzioa eta talde-erantzukizuna" aplikatu izana edota testigantza batzuk baztertu egin zirela auzipetuekiko bat etortze ideologikoarengatik.

      Beste abokatu batek, Iñigo Iruinek, epaiak zuzenbidezko "ikusmolde oso atzerakoiak" darabiltzala esan zuen eta horrek "zuzenbidezko kontzeptuak -terrorismoa eta talde armatuarekiko kolaborazioa- hedatzea, kontzeptuak nahastea -erantzukizun politikoa eta penala nahasten ditu- eta zebait printzipio urratzea dakarrela berekin. Epaiak "kolaborazio delituaren mugak lausotu eta delitu honen norainokoaren gaineko ziurgabetasuna areagotu egiten duela" nabarmendu zuen Iruinek. KODE PENALEAN DEBEKATUTA DAGOEN hedadurazko interpretazioa egiten du.

      Joan den larunbata 6ko prentsaurrekoan adierazi zutenez "kolaborazio ideologikoa" zigortzen da egiatan, eta funtsezko askatasunen atzerakada eragiten du horrek, besteak beste, "adierazpen- eta informazio-askatasunarena".

      EAJk ere (eta EAk eta IUk eta beste askok ere) arbuiatu egin zuten epaia.

      Ez ziren HBko abokatuak epaia oinarriak eta argudioak emanaz eta gogoetak eginez arbuiatzen lehenbizikoak izan. Euzkadi Buru Batzarreko burukideak, EAJko zuzendaritza-organua alegia, prentsa aurrean azaldu ziren asteazkena 3an, HBko abokatuen prentsaurrekoa baino hiru egun lehenago, Xabier Arzallus alderdiko presidenteak irakurritako komunikatuari babes emanez. Komunikatuak epaiaren kritika oso zorrotza egiten zuen eta "errugabetasun-presuntzioaren printzipioa" urratzen zuela eta delitua burututzat hartzen zuela eta ez saiakera-mailan zioen; horrez gain, "Mahai Nazionaleko kideez kanpoko arrazoiengatik bideoa ez zela emititu" dio EAJ "eta horretxek finkatzen duela saiakera-maila hain zuzen ere". Alderdi honen iritziz, epaiak "neurriz kanpo" zabaldu du ezarritako zigor-tipoa eta ez du frogatu bideoa emititzeko erabaki zen garaian mahaikide guztiek parte hartu zutenik.

      EAJk epaiari egin ziezaizkiokeen bederatzi zuzenbidezko erantzun aipatu zituen eta "espainiar Botere Judizialean deskonposizio zantzuak" somatzen dituela erantsi zuen deskonposaketa hori burutuz gero sistemaren beraren haustura, Zuzenbidezko Estatuaren haustura esan nahiko lukeela nabarmenduz. Eta epaiak "autodeterminazioa, independentzia edo bestelako kontzeptu politikoak proposatu, apologia egin edo eragitearen aldeko jarduera oro kriminalizatu egiten duela".

      Euskal Herrian gaitzespen ugari eta esanguratsuak eragin ditu epaiak eta horixe da Francok izendatu zuen Erregearen Espainiak duen arazoa. Ez Euskal Herrian soilik (besteak beste, ondokoek arbuiatu dute epaia: Margarita Robles Barne Idazkari ohi eta magistratuak, Javier Ortiz zutabe-idazleak -"Ez dut garbi ikusten delitua eta are gutxiago egiletza orokortu den modua"- edo Pablo Sebastiánek -Arzallus zuzen dabil erabat argudio politikoak eta zuzenbidezkoak erabiliz epaia kritikatzen duenean" eta Izquierda Unidaren Biltzar Federalak ere aho batez arbuiatu omen du) baina Euskal Herrian oroz bat. Eusko Alkartasunak eta IU-EBk eta Zutikek eta HAk eta EMAk eta Gazteriakek eta Hautsik eta Elkarrik eta, jakina, Jarraik eta Eguzkik eta Aministiaren Aldeko Batzordeek. Eta are esanguratsuago da euskal langileen gehiengo nagusia biltzen duen bloke sindikalak gaitzetsi izana.

      Horixe da epaiak Francok izendatu zuen Erregearen Espainiari epaiak dakarkion arazo larriena. Arazo nagusi horren atzetik bigarrena honakoa da: epaiak espainiar Estatutik kanpo izan dezakeen gaitzespena eta Herri Batasunak epaira ekarritako begiraleek iada abiarazitakoa.

      Euskal Herriarentzako arazoa epaiak ezjakin bezain eztabaidaezina duela da.

      Espainiar gehienak epaiaren alde egotearen kausak: hirurogei urte frankismo jasan ondoren espainiar biztanleriarengan eragindako endekapen eta zitalkeria (egun Juan Carlosen mendean dirauena).

      Igandea 7an EL MUNDO egunkariak lehen orrialdean zekarren inkestaren arabera %4ak (25 espainiarretik batek) bakarrik arbuiatzen zuen HBren aurkako zigorra eta %27k gutixegi zeritzon, onberegi zela. Ez naiz inkestan erabilitako teknika edo egindako formulazioa eztabaidatzen hasiko. Uste osoa baitaukat espainiar gehien-gehienen iritzia bat datorrela datu zehatzekin ez bada, muinarekin bai behintzat.

      Uste hori oinarritzeko ez ditut hona egunkarietako editorialak, kolumna-idazle nabarmenenek adierazitakoak edota espainiar irratietako solasaldietan plazaratutako iritziak bildu beharrik. Izan ere, uste hori finkatzeko, etxekoandre erretxindu eta jubilatu eta langabe erretxindu espainolek HBren eta euskaldunon aurka irratietan isuritako iritzi, irain eta biraoek eragindako zirrara zertxobait LEUNDU besterik ez dut eginnire baitarako. Beldurgarria zen zenbatetan eskatzen zuten heriotz-zigorra HBko mahaikideentzat eta HBko kide eta bozka-emaile guztientzat, programa-zuzendariek agerian adierazi gabe ere isilean ontzat ematen zituztelarik haien esanak.

      Nola liteke hori? Nola liteke hainbesteko babesa hain epai herren, atzerakoi, faxistatzaile, retrofrankista, eta zuzenbidearen arabera hain motz denarentzat (areago babes hori ematen duten hamar milatik batek ere irakurri ez dutelarik jakina)?

      Fenomeno hau azaltzeko hurbilketa ona egin zuen Gabriek Albiacek analisi hau berrikusten ari naizen astelehena 8 honetan. Hona zer dioen Albiacek:

      "Espainiar Konstituzioa porrotak ezartzen dituen muga estuetatik egin zen. 1939an gerra zibila irabazi zutenek TRANSIZIOA irabazi zuten berriz ere 1976 eta 1978 artean. Jokoaren arauak finkatu zituzten, bada. Zentzuzkoa da: irabazleak finkatzen ditu arauak eta araudiak. Lehenbiziko araua: demokrazia nik diodan horixe da. Hurrengo arauak: monarkia eztabaidaezina, Armada eztabaidaezina, aberriaren batasun eztabaidaezina. Araudiak: hauteskunde-legea neurrira, Botere Judiziala bertan esku sartzen dela.

      Ondorioak: hemeretzi urteko biharamunak balantzaka ari bagina bezala ikusarazten digu dena. Hauteskunde-legeak lapurreta orokorraren bidezko finantziaketa ekarri zuen. Botere Judizial beregainik ezak Estatu krimenean kokatu zituen politikariak. Hiritarrak egitasmorik gabeko etsimenean usteldu ziren. Herri epelki zitaldua"_.

      Bat nator Albiacen deskribapen gordin horrekin. Eta motz gelditzen dela iruditzen zait leku falta dela-eta (ezin zehaztasun eta sakontasun handiagorik eska zutabe bakarra hartzen duen egunkariko zutabe bati). Onbera da Albiac -edo gozoegia beharbada- "Herri epelki zitaldua" dioenean.

      "Ikaragarri, izugarri zitaldutako herria" behar luke. Ez baita gaur egun oker Lehen Mundu deritzon honetan, herri industrializatuen artean, Espainiakoa baino biztanleria endekatu, zitaldu, kirtenduagoa duen herririk.

      Maiz aipatu dudan poeta baten aipua berriro ekarriz, berriro ere esan behar dugu Historiako historien artean tristeena Espainiarena dela, gaizki bukatzen delako. Aski da edozein unibertsitatetan (zinez unibertsitate direnetan, espainiar unibertsitate txiro eta kaskarrak ez bezala) XX. mendeari buruzko bibliografia berrikustea Espainiako 1936 eta 1939 urte bitarteko gerrari buruzko bibliografia oparoarekin lur eta zur gelditzeko. II. mundu-gerrari buruzkoa baino oparoagoa. Gerra horrek Historian adituen, politikarien, langileen eta planetako biztanle ikasien artean pizten duen liluramenduaren erakusgarri.

      Ez halabeharrez, jakina. Baizik eta Espainiako 1936-1939 bitarteko gerra XX. mendeko iraultza-prozesu garrantzitsuena izan zelako, Errusiakoaren atzetik. Eta zenbait alderdietan egundaino planetan izandako iraultza-prozesurik interesgarriena. Adibidez, planeta osoan KOMUNISMO LIBERTARIOA ARRAKASTAZ (eta denbora-epe nahiko luzean zehar urtetik gora zenbait alderdietan) mamitu zuen adibide BAKARRA baitugu.

      Espainiar Estatuko herriak ausardiaz eta berebiziko eramanez borrokatu ziren espainiar klase-bloke zapaltzailearen aurka. Egundoko grina eta irrikaz borrokatu ziren utopiaren alde, berdintasunaren alde, justiziaren alde, askatasunaren alde, senidetasunaren alde, funtsezko premiak asetzearen alde, mendeetako gosea leuntzearen alde, milaka eta milaka urtetako zapalkuntza deusetearen alde. Pozez, adorez, irmotasunez eta neke handiz borrokatu ziren. Beren alde izan zuten, gainera, Iraultzaren alde eta faxismoaren aurka borrokatzera eta hiltzera planetako zoko askotatik joandako gazte eskuzabalak, Nazioarteko Brigada ahaztezin haiexek.

      Galdu egina zuten. Ez dut hemen nola eta zergatik azalduko. Galdu zutela nabarmenduko dut, besterik gabe. Eta badirela HIRUROGEI urte zenbaitzuk (Euskal Herriak hain zuzen ere) porrot horren ordain mingotsa ordaintzen ari direnetik. Espainiar klase-bloke zapaltzaile anker eta basatiak (planeta osoko anker, alproja, errukigabe eta krudeletakoa) eskarmentu latza eman die urteetan eta urteetan zehar zerua oldarrean hartzen saiatu ziren herri heroiko haiei.

      Eskarmentu luze, gogor, errukigabe, sitematiko eta sakona, langile-klaseak mende luzen zehar bere burua babesteko nekez eraikitako tresnak errotik kentzeko: sindikatuak eta langile-alderdiak hain justu. Buruzagiak hil zituzten aurrena, koadroak jarraian, militanteak ondoren, eta jarraitzaileak, hautesleak, haiekin harremanik izandakoak, adiskideak hiltzen jarraitu zuten (hamar urte luzeetan zehar EHUNDAKA MILA fusilatu zituzten).

      Egiteko anker horrek, sarraski sistematiko eta iraunkor horrek, genoziden buruzagia palio azpian estali ohi zuen Eliza katolikoaren babesa izan zuenak, hezurretan, nerbio-sisteman, burmuinetan, bizkarrezurrean sartuko zen BELDURRA, IZUIKARA eragin zuen. Klase-bloke zapaltzailearen erabateko boterearekiko ikara. "Politikan aritzeko" izugarrizko beldurra.

      Horrelaxe hil ziren herri horietako onenak, zentzuzkoenak, prestuenak. Eta horrelaxe ikaratu, zikiratu, erauzi zieten duintasuna eta matxinadarako gaitasuna bizirik gelditu zirenei.

      Herriaren erroak eta matxinada-zantzu oro erauzteko funtsezko egiteko honi, hala sortutako basamortuan gatza ereiteko lana gehitu behar. Ustelkeriaren hedaduraz, Francoren erregimenak, nazionalkatolizismoaren erregimenak, ustelkeria ezarri baitzuen sistematzat. Funtzionarien ustelkeria, ugazaben ustelkeria, enpresarien ustelkeria, langileen ustelkeria. Estraperloa, iruzurra, herri ondasunen lapurreta, komisioak, eroskeria… mota guztietako estortsio eta iruzurrak Espainiako bizitza publiko eta pribatuko bereizgarri nagusi bilakatu ziren. Franco genozidak eta klase-bloke zapaltzaileak bultzata, horrela konplizitate eta beldurraren sareetan nahasten ziren denak, matxinada sustatzeko ezinbesteko haztegia sortzea errotik saihestuz.

      Berrogei urte frankismo, berrogei urte zitalkeria, beldur, doilorkeria, men egite eta koldarkeria pribatu zein publikoak.

      Eta gero hogeita bi urtez luzatu zaigu frankismoa Juan Carlosen eskutik zitalkeria eta doilorkeria iraunaraziz. Hogeita bi urte inongo hausturarik gabe, hogeita bi urte polizia torturatzaile eta hiltzaile bakar bat ere, epaile ustel eta prebarikatzaile bakar bat ere, funtzionari lapur eta erosi bakar bat ere ez dutelarik baztertu, epaitu, zigortu. Hogeita bi urte espainiar Estatuaren itxuraldaketa nazifaxista, non espainiar gizarte usteleko beldar zikina Juan Carlosen gizarte usteleko pinpilipausa ustel bilakatu baiten.

      Espainiar klase-bloke zapaltzaileen menpe beti ere: euskal industri eta finantza-arloko oligarkia espainolista, Kataluniako industri arloko oligarkia espainolista, Gaztela, Extremadura eta Andaluziako aristokrazia lurjabe eta finantzarioa eta espainiar Estatuan finkatutako multinazionaletako hutsuneak betetzen zituzten funtzionari eta falangista multzoak.

      Beste abantaila bat izan du espainiar klase-bloke zapaltzaile ustel eta ustelgarri horrek laurogei eta leurogeita hamargarren hamarkadetan: masa komunikabideen (irrati-telebisten) alienazio-gaitasunaren areagotzea, izan ere, tenteltzea eta ezjakintasunaren, iritzi kritikorik ezaren eta amnesia historikoaren hedakuntza areagotu egin baitute, nahita zikiratzailea den hezkuntza sistemak lagunduta.

      Euskal langileriak, neurri handi batean behintzat, prozesu horren aurkako txertoa ipini zion bere buruari, bere ekoizpen-kontzientzia handiagoari, eusteko gaitasun handiagoari, espainiar botereak gorroto handiago izan eta areago zapaltzearen "zorte onari" eta herri honetako zati batek aurre egiteko armak hartzeko erabakiari esker.

      Baina espainiar Estatuko herriek hirurogei urtez bizi izandako bide bertsua gogoan izanik, espero al zezakeen Euskal Herri langileak bere borroka, erresistentzia, gizabanakoen eta taldearen eskubideen exigentziarekiko ulermenik?

      Erantzuna EZEZKOA da, jakina.

      HBren aurkako epaia egun Euskal Herriak bizi dituen arriskuen alorrean: espainiar errepresio-eredu berria.

      Tristea da baina ezinbestean onartu beharra dago ezer gutxi espero daitekeela epe laburrean espainiar masa kirtenduengandik. (Horrek ez du, noski, elkartasun korronte txiki bezain baliotsu eta preziatua ahazten dugunik esan nahi, izan ere, eskertzekoa da espetxeetako sakabanaketa-politikaren eraginez astero-astero ehundaka kilometro egin behar izaten dituzten euskal preso politikoen senitartekoekiko babes heroikoa).

      Horri, egungo egunean espainiar eredu errepresibo berriak, errepresio-sasoi berriak (hirugarrena, UCDrenak eta PSOEk abiarazitakoa agortu ondoren) Euskal Herriarentzako dakarren arriskuaz ohartu beharra erantsi behar zaio jarraian. Hirugarren errepresio-sasoi honi 1996ko udazkenean ekin zitzaion eta indar handia hartu du 1997an PPko gobernuaren eskutik.

      Hona, bada, sasoi berri horren bereizgarriak:

      1. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan dauden alderdi espainolisten indarra handitu edota alderdi berriak sortu.
      2. Ahal bezain beste indar bildu eta bideratu bide horretara: EAEko eta Nafarroako unibertsitateak, PP eta UPN eta UA eta CCOO eta UGT sindikatu espainolistak eta eliza katolikoaren hierarkia, institutuetako eta Irakaskuntza Ertainetako gainerako ikastetxeetako irakasleak, talde "bakezaleak", kazetari eta profesional taldeak, badauden edo sortu beharreko taldeak eta abar.
      3. Borroka espainolista familien etxeko eremu pribatu eta pertsonalera eraman. "Sentsibilizazio" eta beldurreragite kanpainen bidez (esate baterako, gurasoak seme-alaben zelatan jartzera behartuz). Eta "arrisku-taldeetan" oinarritutako errepresio berezitua erabiliz, hots, gazteak, emakumeak, mobilizazioetan parte hartzen duen jendea, euskaltzaleak, edozein herri erakundeetako kideak, idazleak, kazetari kritikoak, eta abarrengan.
      4. Errepresio indarrentzat erabateko zigorgabetasun-giroa sortu. Are indar handi zein txikiko gerra zikin ekintza berriak babesteko ere.
      5. Legeetan oinarritutako errepresioa hobetu eta hedatu zigorrak areagotuz. Bideo-bidezko eta urrutiko behaketa erantsi behar horri. Baita errepresio ekonomikoa ere, sekulako isunak ezarriz eta lantokietako edo kontratazio guneetako errepresioaren bidez.
      6. Herriari sinestarazi badaudela Euskal Herriari sekula emango ez zaizkion eskubideak (autodeterminazioa eta talde-mailako beste zenbait eskubide). "Demokrazia" behatu eta mugatu honetan bizitzea onartu arte.
      7. Beldurraren txantajea neurriz kanpo erabili: legearekin eta ordenarekin bat ez datorrena kontuz gero ondorioekin -berehalakoak eta ankerrak! Askatasunari zaion beldurraz eta masen egitura psikikoan lozorroan dagoen erreserba autoritario eta disziplinarioaz baliatu.

      HBko mahai nazionalaren aurkako epaia errepresio-eredu berri honetan kokatu beharra dago. Burua moztu zaio HBri instituzioetan eta hautesleen artean indarra galtzen ari dela sinestarazteko. Masen egitura psikikoko beldur irrazional eta ilunari eragiteko -arestian hizpide izan dudan horixe- (parlamentari eta diputatuekin horrela jokatzen badute, zer ez diguten guri, oinarrikooi egingo?). ENAMeko beste erakunde alegalei eraso egiteko aurrekaria izan dadin. Independentistengan, zalantzatan daudenengan, nekatuta daudenengan, kolpe asko eta asko hartu dituztenengan beldurra eta izua eragiteko. ABCk "poliziaren bidez, nazioarteko lankidetzaren eta Justiziaren eskuharmenaren bidez ETA deuseztu daitekeela"_ harrokeriaz esan ahal izan dezan.

      Baina Euskal Herriak erresistentziarako gaitasun agortezina dauka. Eta HBren aurka abiarazitako kanpainak porrot egin duela erakutsiko du larunbata 13ko manifestazioan.

      Euskal Herriak zur et lur utzi du eta uzten du behin eta berriz du Espainia nazifaxista sasidemorata. Bizirik eta borrokan dirauen herria baita. Eta honela, HBko mahaiaren aurkako epaia, Espainiako erregimenak lur jota utziko zuen ustea baitzeukana, bizkorgarri indarberritzaile bihurtu zaigu. Izan ere, epaiaren ondoren Euskal Herriko indar sindikal nagusiek erabateko gaitzespena adierazi nahi diote epaiari, eta halaxe egingo dute kalean, lantegietan eta enpresetan.

      ELA eta LAB dituzu, biek elkarrekin gehiengo zabala dute. Baina bi sindikatu horiez gain EHNEk eta ESK-CUISek eta STEE-EILASek ere bat egin dute. Eta HIRUk. Alor jakinetan nagusi diren sindikatuak hain zuzen ere (nekazaritzan, administrazioan, irakaskuntzan, garraioan). Eta gehiengo sindikal nabarmen horrek arbuiatu egin du epaia. Eta Herri Batasunari erantzun bateraturako deialdia luzatu dio. HBk iragarri zuenaz bestelakoa (hots, greba orokorra abenduaren 15ean). Eta HBk gerri politiko deritzona erakutsi eta onartu egin du erantzun bateraturako deialdia (manifestazio nazionala larunbata 13an eta bi orduko lanuztea hilaren 15ean).

      Hirugarren errepresio-sasoiak espainiarrak poto egin du. HBko mahaiaren aurkako epai anker eta zentzugaberak izuikara eragineta HB indar politiko "izurritsu" eta "isolatu" bihurtuko zuelakoan zegoen. Eta larunbata 13an errepresioan aditu direnek pentsa ere ezin dezaketen neurriko gaitzespen-manifestazioa ikusiko dute.

      Aipatuko al ditugu Asterix eta Obelix? Jota zeudek erromatar hauek! Gaiztoak eta iruzurtiak eta torturatzaileak eta hiltzaileak dira. Baina, gainera, ez dakite haizeak nondik jotzen duen. Ez dakite Euskal Herria zer den. Ezta zenbaterainoko indarra duen ere!

      Justo de la Cueva


      ASTEKO TXIMISTAK

      1. Durangoko XXVII. EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKAk marka guztiak hautsi ditu: bai hara bildu den jende-kopuruari bai salmentei dagokienean ere. Bertan KONTSEILUA, Euskararen Gizarte Erakundeen sortze-batzarra egin da halaber. KONTSEILUA, ondoko herri erakunde bakoitzeko ordezkari banak osatutako biltzarrak osatzen du ere: AEK, Egunkaria, Elkarlanean-Zabaltzen, Ikastolen Elkartea, Topagunea, Bertsozaleen Elkartea, Ikas eta Ari (IKA), Euskal Kulturaren Batzarrea (EKB), Euskal Konfederazioa, Elhuyar eta Udako Euskal Unibertsitatea (UEU). KONTSEILUAk 50 elkarte eta 100.000 lagun biltzen ditu. Euskararen alde lanean diharduten gizarte elkarteen kontseilua da eta euren lehenbizizko betekizuna euskararentzako kudeaketa plan bat aurrena eta olan estrategiko bat jarraian egitea izango da.
      2. Ekimen Ibiltaria: euskal preso politikoen hogeiren bat senidek ibilaldi bati ekin diote hilaren 1ean Euskal Herrian Barrena beren senitartekoen eskubideak exijitzeko. Ehun herritan barrena abiatuko da ibilaldia.


      (1)Bego Zubia: "Se vulneran derechos fundamentales", Donostiatik egindako kronika, 1997ko abenduaren 7ko, igandea, EGINeko 17. orrialdea.

      (2) Miguel Castells Arteche (Kepa Salaberri ezizenez): El Proceso de Euskadi en Burgos. El sumarísimo 31/69, Ruedo Ibérico, Paris. 1971; Miguel Castells Arteche (Pierre Celhay ezizenez): Consejos de guerra en España, Fascismo contra Euskadi, Ruedo Ibérico, Paris, 1976; Miguel Castells Arteche: Los Procesos Políticos (De la cárcel a la amnistía), Editorial Fundamentos, Madril, 1977.

      (3)Gabriel Albiac: "Las décadas perdidas", EL MUNDO del siglo veintiuno egunkariko 1997ko abenduaren 8ko aleko 2. orrialdean.

      (4)Isabel San Sebastián: "La fuerza de la razón", 1997ko abenduaren 4, osteguneko 18. orrialdea.

      ASTEROKO AZTERKETA ETA INFORMAZIO ZERBITZUA Hasierako orrira